EGA AZTERKETA: OKA EGITEAZ NAZKATUTA
“EGA azterketako menu hiruhilabetearra: hasteko, atarikoa; bigarren platertzat, idatzizkoa; eta, azkenik, ahozkoa. Atarikoan gure baratzeko osagairik onenak darabilzkigu; idatzizkoan bi kilo euskal bale-haragi, eta ahozkoa gutizia hutsa da! Non aurkituko duzu halako oturuntza baino hoberik? Ezta zure amonaren etxean ere! Gainera, zure diruzorroa zu bezain pozik aterako da hemendik, merke-merkea delako gure menua: gure jatetxearen kategoriako beste edozeinetan, 300€ inguru balioko luke halako otorduak, baina gurean bakarrik 20€. Dena den, hona etortzekotan bazaude, jakin behar duzu sekulako erronka dela menuko janari guztia jatea… Hain zaila da desafioa, ezen den-dena jaten duenari agiri bat ematen diogun.”
Menu xelebrea da EGA azterketakoa, eta oso jende gutxik lortzen du jatetxeko agiria. Badago jatun agiria lehenengoan lortzen duen heroirik, baina normalena agiria inoiz lortzea edo askotan saiatu behar izatea da. Agiria lortzeko saiakeran 3 porrot mota aurkitzen omen ditugu: lehenik, otordurako ondo prestatu ez eta lehenengo platera dastatu bezain laster komunera joan behar direnak; bigarrenik, plateren bat bukatzear daudenean ok egin eta etxera joan behar direnak; azkenik, postrearen azken zatiak murtxikatzean oka egin eta jatetxea hankaz behera uzten dutenak. Ondo prestatu behar zara, bada, —jatun amorratu ez bazara jaio—, bederen- otorduko guztia jan, eta haien agiri preziatua lortzeko.
Ez da menu makala EGA azterketakoa! Edaririk ez; bi plater, eta postrea du soilik, baina euskaldunok askotan joan ohi gara jatetxe honetara, halabeharrez bada ere. Hain boteretsua da jatetxea, ezen haien menuko agiria euskal gizarteko erakunde askotan lan egiteko eskatzen duten. Kontua da jatetxearen agiria bakarrik aipatutako menua irenstearen bidez lortu daitekeela… Eta menua gehiegi gogoko ez, baina guztiok nahi dugunez agiria, jatetxean ikusten dugu elkar hiruhilabetero!
Badago, gainera, agiria lortzea zailegia dela esaten duenik: “Kontxo, ez dugu agiria lortzeko beste biderik, eta gainera zailegia da! Urteak beharko ditut oturuntzarako prestatzeko…” Nik ez nuke esango jatetxeko menu osoa irenstea zailegia denik; kontua da jendea ez dagoela oso trebatuta oturuntza-erronkan. Txikitatik jatunak direnentzat errazagoa da agiria lortzea, baina badago entrenamenduaren bidez agiria lortzea.
Laburbilduz, jatetxeko agiria lortzeko menu bakar eta desegokia dugu… Agian, agiria lortzeko beste menurik bagenu, egokiagoa izango litzateke erronka. Azken batean, ez du zentzurik euskal bale-haragia jaten trebatu behar izatea, gero ez badut sekula ere halakorik jango laneko jantokian. Gauzak horrela, zein da arazoa? Lanean agiri desegokia eskatzea, edo agiria bera desegokia izatea? Nola ez, bada, bietako edozein konpontzearekin aski izango litzateke bestea ere konpontzeko.

Iruzkinak
Argitaratu iruzkina